Erraietatik sortu eta ilunetik argira doan bidaia, isla bakar batean hamaika egonezin islatzen dituena

Hitzak

(K)ito

Kaioak hegaka, umela hezurretan

kresalez bustita, ilun ortzimuga

badator galerna, ta hondartzan harrapatuko nau

arrainak zainetan igerian, sare puskatu bati kateatuta oinak

eztarrian amua, eztarrian amua, sokak eta aparra poltsikotan aingurak katebegi herdoilduak

uraren ertzera oroimenak bultzatu nau arrastaka, uraren ertzera oroimenak bultzatu nau arrastaka

Ahanzturaren mareagora oinetara noiz helduko zain olatuen aurrean

eraikitako hondarrezko gaztelua izan da orain arte bizitakoa

(Unai Villena / Martin Bidaur)

Gainezka

Gogoaren indar bizia,  gelditu gabe azalan sartu da bihotzetik gora burutik behera

aurrera doa , asegaitza da, gogor sendo helduta, gogor estutuz arnasa

eskuetatik ihes egin dit urrez mozorrotzera noa grinak airean gainezka

Beharraren indar ustela, baimenik gabe azalan sartu da ipurditik gora samatik behera

bi eskuz lepoan,  gogor tenk helduta, gogor estutuz badoa

ene biziak ihes egin dit damuz mozorrotzera noa lotsa hankartetik behera

(Goizane Aizpurua)

Eten etengabea

Ate ostean,  beste ate bat dago, horren ostean, beste bat urrunago

loaren kaiolako, laberinto estuan, loezinaren morroi, lerro zuzen eten etengabean

espiralean,  izara artean ito, soka askatu, puskatu erre orro orro orro

hondoratzen,  azalerantz noa, ni itzaliz ta eguna argitzen

hondoratzen,  azalerantz noa,   denboran galtzen korapilatzen, noa, noa,  noa, ni itzaliz ta eguna argitzen

Lo esnatzen noraezean gidatzen minutuek betazalak josten, Lo esnatzen noraezean gidatzen orduak segunduz biderkatzen

noa, noa, noa, denboran galtzen korapilatzen, noa, noa, noa, ni itzaliz ta eguna argitzen

denboraren zuloan, etengabean, irrist egin eta ezin atera nabil, ezin atera nabil, nabil, nabil, nabil

(Unai Villena)

Eten etengabea II

Gauak eguna irensten duenean, errepideko marra zuriak iluntzean, gauez eguna argitzeko beldur, egunez gauari ihesi,

begietan argiak dituzula oheratzen zara, bidean jartzen zarenean, itsu gidatzen duzun arren, ametsetatik esnatu zarela uste duzu,

amets gaiztoen atea ireki duzu ordea, errepide bustia ohe epelaren truke loaren ezina esna egoteari ezin eutsita

marrak eta abiadura, euria, kristalak eta frenoak autoko leihoa jeitsi duzu, izarekin korapilatutako soka bertatik atera

eta nora ez dakizula korrika hasi zara, amets gaiztoetatik ihesi, oheko amets goxoak infernu bilakatu bazaizkizu ere

(Goizane Aizpurua)

Isilune

Zer moduz galderari erantzun beharra, barnean dudan mamu honen menpean,

Isilune uhalak estutuko dira, Erantzun egokia noizbait helduko al da?

Baina momentu ilun honetan nik ezin arnastu, ezin aurrera egin nire urratsak bidean galdurik

Baina momentu ilun honetan nik ez dut eskatzen,aukera besterik nere ahotsa haiekin bat egin

Zailtasunari aurre egiteko aukera, kolokan jartzen ditut nere iritziak

inguruko begiradek epaitua, neuk neure pertsona gogor bortzatuz ta zenbat iraun lezake isilune itogarriak

Baina momentu ilun honetan nik ezin arnastu, ezin aurrera egin nire urratsak bidean galdurik

Baina momentu ilun honetan nik ez dut eskatzen, aukera besterik nere ahotsa haiekin bat egin

(Asier Olabarrieta)

Bakarrik gaur

Esnatu naiz gaur, egunaren beldurrez, esnatu naiz ahul, bizi indar apurrez

Ezinean, ahopean, nahi ta ezinaren artean, ezinean, auzipean, argitzean

Esnatu naiz gaur, grina bete arantzez, esnatu naiz ahul, babesaren beharrez

Bakarrik nago gaur, bakarrik nago nere gorpu osoan, bakarrik nago gaur, bakarrik nago gaurko gauotsoan

Barkatu gaur, bertan dirau, hoztutako atsekabeak, zergatik gaur, utziko nau, arnas estu bete betean

Bakarrik gaur, ezingo nau, abaildu honek nere barnean, barkatu gaur, zergatik gaur, bakarrik gaur…

Indarra nonnahi, aurkitzeko gai, bustitako amorru barne guda galduan, geldituko naiz, negarraren zain… zain…

(Eneko Iztueta / Asier Olabarrieta)

Norbera

Norbera, nor ote, asmatu ezin denean, hamaika, ispilu, poliedrikoen dantzan

albo kalteak deuseztu, ilunetik kosmosera asmo berrien argiak, bihotzeratzen hasita

Minetik deslotzen ikasten, aspaldi, ongizatearen diktaduran, nor ginen horren bakea, nor garen hura onartzea, kaosa antolatzea

Matxurak eta zauriak, urre hautsez apaintzen goaz, gorpuztu gabeko ametsak, behingoz asetzeko gogoaz

Zuloaren atean berriz, kontrako bidean ordea, unibertsoak gurera, makurtzea du onena

Minetik deslotzen ikasten, aspaldi, ongizatearen diktaduran ahh ahhan Nor ginen horren bakea, Nor garen hura onartzea

Nahia eta irrika, desioaren klika, geroa gerturatzean, oraina da bapatean

Zaila izan arren, zaila izan arren, borrokatzen egunero, aurreratzen honezkero, lokatzetik ur gardenera, bizi

Hasi eta ezin buka bizi egarria, geroa gerturatzean, oraina da bapatean

Nahia eta irrika, desioaren klika, geroa gerturatzean, oraina da bapatean

(Iker Olabarrieta)